Fundazioa

Komunen Fundazioa estatu mailako kolektibo ezberdinen sarea da. Gizartearen demokratizazioaren alde lan soziala eta politikoa egiten duten hainbat kolektiboz osatuta dago eta eremu sozial anitzak hartzen ditu bere baitan.

Estatuko hezurdura nagusia Iruñean, Bartzelona/Terrasan, Zaragozan, Madrilen eta Malagan dago. Aipatutako lekuetan harrera etxe funtzioa betetzen duten hainbat gune daude: Katakrak, Ateneu Candela, Casa Invisible eta Traficantes de Sueños. Gune hauetan biltzen diren ikerketa talde ezberdinek (OMB, La Hidra, A Zofra, OMM eta Ulex besteak beste) Nozio Komunak izenez ezagutzen ditugun auto-formakuntza ikastaroak antolatzen dituzte.

Honako hauek dira gure fundazioaren ildo nagusiak: autogestioa, erabakiak hartzeko horizontaltasuna, bitarteko material zein immaterialen sozializazioa eta komunaren aldeko apustua, hau da, gure guneak jendarteari ireki nahi dizkiogu eta aldi berean sortzen ditugun ekoizpenak mundu osora zabaldu nahi ditugu Creative Commons lizentzien bidez. Laburbilduz: demokrazia eta kultura askea.

Makineria honi eustea da gure egitekorik garrantzitsuena, gure helburuak gauzatu ahal izateko beharrezkoa baita gure ekoizpen enpresak geroz eta trinkotasun zein egonkortasun handiagoaz elikatzea. Lana eta konpromiso politikoa uztartzen dugun pertsonen bizitzak mantendu ahal izateko, elkarren arteko adiskidetasunean oinarritutako komunitateak eta aliantza politikoak sortu nahi ditugu, alegia, egiten duguna bizimodu gisa ezarri nahi dugu.

Zehazki, gune bakoitzak modu autonomoan kudeatzen du bere finantziazioa ekintza produktiboen bitartez (liburutegiak, argitaletxeak, etab.). Aldi berean, guneak indartzeko diru baliabideak lortzen ahalegintzen da Komunen Fundazioa. Horretarako beste erakunde batzuekin akordioak bilatzen ditu, eta estatu zein Europa mailako laguntza deialdietara proiektuak aurkezteaz gain, babes funtsak eskatzen dizkio izaera pribatua duten beste erakunde juridiko batzuei. Komunen Fundazioa diruz hornitzen duten kideak ditugu ere, eta maiz egiten dizkiguten donazio oparoak ezinbestekoak dira gure sarearentzat.

Komuna antolatzeko ditugun baliabideak modu ekonomiko zein politikoan demokratizatzeko gai izan daitekeen gizarte eraldaketa baten alde mantentzen dugu egitura konplexu hau. Honi esker, errealitatea interpretatzeko paradigma berriak ekoitzi dira, eta ikerketak, analisiak, hitzaldiak edota auto-formakuntza guneak izan dira ekarpenik aipagarrienak.

Comparte: